XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

On Zistor apeza, une horretan barkamen osoaren jabe sentitzen bait zen, hitz eztitsuz gonbidatu zion etxerako bidea har zezan.

Tomasek aitaren egin ondoren aldegin zuen eta, azkenez, atzera eta aurrera, halako gorputzarentzako ikuiluko atea estu samarra baitzen, apezak zerria etxeratu zuen.

Ni ezin kabiturik nengoen, pozaren pozez.

Ederki izkutatzen badugu ere, denok alaitzen gara gu baino haundiagoen akatsak ikusterakoan.

Eta horixe zen niri etorri zitzaidan plazerra; handikiaren erru eta ahuleziak ikusteak indar handiagoak eman zizkidan eta ordurarte ondo konprenitzen ez nuen ene aitona Poliarpo zenak esandakoa gogora etorri zitzaidan Auzoko behiak, errape luze.

Nik haseratik jakin izan nuen On Zistor-en hurreneko pausoa izango zena.

Zerria hil (harrigarria bada ere batere oihurik gabe gertatu zena) eta gorputza zatikatzen hasi zen gibela, bihotza, birikak, hesteak....

Eta ikuiluko zerrailaren begiari nirea atxekirik, esteak nola garbitzen zituen, odolkien edukia nahasten, azkazalak kentzen eta xolomo xamurrenak ebakitzen ikusi nuen, lan guztiak amaitu eta gero ohera abiatu zen arte.

Duda-mudarik batere gabe, inoiz ez baitut abere bat hazteko adina izan, ikuilura sartu eta odolki pare bat hartu nuen, batere bihotz-errerik gabe.

Ai ene! Ene galbiderako odolki horiek!.

Eta korrika eta presaka, oilategiko oilar arroa bere ahotsa aurkezten hasia bait zen, On Zistor-en etxearen ondo-ondoan dagoen ene etxe umil honetara zuzendu nintzen.

Biharamonez ez nuen goizegi jaikitzeko batere esfortzurik egin.

Esnatu orduko halako alaitasun argi batek piztu ninduen eta bertsoka hasi nintzen, bata bestearen atzetik, bertsoak erruz ateratzen bait zitzaizkidan.

Gosaltzeko berandu bait nuen bazkaria prestatzen hasi nintzen.

Eta ez dut inoiz ahaztuko, nahiz eta ordubete barru beste gorputz baten sena izan, arratsalde hartaz, mantsoan, gozoa gozatuz, ahoratu odolkiak.